Entitate antolatzaileentzako ingurumen praktika egokien gida

Lasterketa baten antolakuntzaren erantzukizuna da probaren ingurumeneko eragina ahalik eta txikiena izatea. Jarraian helburu hori betetzeko gomendio eta praktika egoki batzuk zerrendatu ditugu:

  • Diseinatu naturarekiko errespetua duen ibilbidea, beti existitzen diren pista eta bideetatik. Ez erabili erraz higatzen dituzten eremuak, eta era berean ez pasatu ibaibideetatik edo erreketatik. Nahitaez pasatu behar bada, behin behineko pasabideak jarri; hala nola taulak, oholak, edo harri blokeak. Saia zaitezte ibaibidearen hondoa ez hondatzen ez nahasten edota ura ez zikintzen . Lasterketa bukatutakoan kendu egin beharko dira.
  • Parte-hartzaileen kopurua kalkulatzeko, aztertu lurraldeko harrera gaitasuna, ingurumen afekzio ikuspuntutik. Lasterketa jarraitzen duten pertsonak ere (lagunak, ikusleak) kontuan hartu beharko dira.
  • Markatu dortsal zenbakiarekin , parte hartzaileek daramatzaten bilgarriak, gelak edota barritak. Era berean, arautegian jakinarazi zaborra botatzea zigortuta egongo dela.
  • Jarri zarama ontziak anoa-postuetan eta beste pasabide batzuetan. Sustatu zabor bilketa selektiboa eta erraztu hiru edukiontzirekin (organikoa, papera eta plastikoa).
  • Bermatu probaren balizatze egokia, horretarako ingurumenean kalterik sortzen ez duten materialak erabili eta proba bukatu ondoren kendu.
  • Kokatu boluntarioak bide-gurutzeetan eta puntu gatazkatsuenetan norabide egokia adierazteko. Norabidea eta kilometroak adierazten dituzten seinaleak kokatu, parte-hartzaileei bide zuzenetik joatea errazteko.
  • Norabidea behar den bezala adierazi behar da laburbideak ekiditeko. Arautegian argi adierazi laburbideak erabiltzen dituzten lasterkariak zigortuak izango direla.
  • Proba bukatu ostean antolatzaileek aste bateko epea izango dute balizak kentzeko.
  • Irteera eman baino lehen bilera informatiboa egin behar da lasterkariekin, (briefing). Bileran azalduko dira ibilbidearen bereiztasunak, kontrol eta ingurumen neurriak, azken berritasunak, eta baldintza meteorologikoak. Hau da, lasterketa behar bezala burutzeko beharrezkoa den informazio guztia eman behar da.
  • Anoa postuetan, ez erabili paper edo plastikozko edalontzirik ezta botilarik. Animatu pate-hartzaileak nork bere edateko ontzia eraman dezan. Gomendatzen da neurri hauek arautegiaren barruan sartzea.
  • Behin proba bukatuta, egin ibilbidea berriro ibilbidearen egoera zien den ikusteko. Lasterketan botatako zabor guztiak batu eta posible den heinean lurzoruan egindako aldaketak konpondu.