Bizkaiko “Emakumea eta Mendia” topaketan elkartu ziren Bizkaiko emakumezko mendizaleak

Bizkaiko Mendizale Federazioak (BMF-FVM) antolatutako Bizkaiko “Emakumea eta Mendia” I. Topaketak berrogei eta hamar emakume baino gehiago elkartu zituen Zugaztietako ( La Arboleda) aterpetxean. Ekitaldiz beteriko bi egun izan ziren, aire zabalean zein teilatupean , non mendiak eskaintzen dituen arlo ezberdinetan emakumearen papera ezagutarazteko jarduerak burutu ziren. Egonaldi arrakastatsua izan zela esan dezakegu.

Zugaztieta bezalako eremu ederrean, 56 emakumezko mendizale elkartu ziren eta bertan gailurrak egin, elikadura, lehen sorospenak eta luzapenei buruzko informazioa jaso zuten. Era berean, emakumea eta mendizaletasunaren arteko erlazioa hausnartzeko aukera paregabea izan zuten. “Mendizaletasunak ere kristalezko sabaia apurtu beharra dauka” ondorioztatu zuten partaideek.

Egonaldi honek esperientziak elkarbanatzea izan du helburu, baina batez ere emakumeak mendian duen paper aktiboa ikusarazi nahi izan du . Bizkaiko hamaika klubetako emakumezko federatu, mendi klubetako kide ez diren eta federatu gabe dauden emakumezkoekin elkartu dira. Federazioak emakumezko guzti hauei mendiko kirolak praktikatzera eta federatzera animatu nahi ditu.

Bizkaiko Mendizale Federazioak ederki baloratu du topaketa eta eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten emakumezko guztiei. Konbentzituta dago emakumezkoek kirolean emateko asko dutela eta guztion esfortzuarekin, guztiontzako aukera berdinak bermatuz, mendiko jarduera guztietan integrazio osoa burutzea lortuko dela.