BBK Mendi Martxak 2025 ekimenaren esparruan, urriaren 11n BBK Mendi Martxak Erronkaren hirugarren edizioa izango da BBK Klima inguruan, Busturialdean. Natura zaintzearekin lotutako proposamenez betetako jardunaldia izango da, eta ardatz nagusia Lurgaia Fundazioak kudeatzen dituen lurretan 300 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira Mape ibaiaren haranean.
Zuhaitz-landaketa hau BBK Mendi Martxak ekimen arrakastatsuaren ingurumen erronka da. Urtean zehar, Bizkaiko Mendizale Federazioak homologatutako bideak ezagutzera eman nahi ditu, baita balio handiko bidezidorrak, bideak eta naturguneak ere, askotan herritarrek ezagutzen ez dituztenak.
Egun bat naturaren inguruan
Eguna 9:30ean hasiko da, parte-hartzaileen harrerarekin BBK Klima Zentroan. Bertan boluntarioen dokumentazioa emango zaie eta jarduera-programa aurkeztuko da. 10:00etan, bertaratutakoak landaketa-gunera joango dira autobusez.
Edizio honetako erronka nagusia bertoko 300 zuhaitz eta zuhaixka landatzea izango da, Lurgaia Fundazioaren zaintzapean dagoen gune batean. Bertan, 14 urte baino gehiagoz basoa berreskuratu edo lehengoratzeko egindako lana eta prozesu horretan BBK-k emandako laguntza azalduko dira.
Landaketaren ostean, taldea BBK Klima zentrora itzuliko da, bertoko produktu ekologiko eta sasoikoekin, “zero hondakin” eta plastikorik gabeko irizpideen arabera, prestatutako otordu jasangarriaz gozatzeko.
Zuhaitz-landaketaren ostean, egunean zehar familia osoarentzako jarduerak izango dira, ingurumen-sentsibilizazioarekin lotuta.
Gastronomia eta tailer jasangarriak
Arratsaldeak showcooking agroekologikoarekin jarraituko du Ortutik Ahora Catering-en eskutik. Bertoko ortu edo baratzeko produktuekin errezeta sortzaileak prestatzen irakatsiko da, elikagaiak alferrik galtzea saihestuz.
16:30etik 18:30era, bost jarduera paralelo eskainiko dira BBK Klima guneko hainbat puntutan, dinamika txandakatuekin, parte-hartzaile guztiek parte hartu ahal izan dezaten. Mintegian ereiteko edo landatzeko tailer batetik hasi eta zuhaitz-etxe jarduera batera, hegaztiak ikusteko jarduera batera edo inguruko zuhaitzak identifikatzeko jolas batera.
Ekintzarako eta sentsibilizaziorako hitzordua
BBK Mendi Martxak Erronkak ingurumen-hezkuntza, basoen kontserbazio eta bizi-ohitura jasangarrien sustapenarekiko konpromisoa indartzen du. Naturarekin konektatzeko, baso-ekosistemen garrantziaz ikasteko eta ekosistemak berreskuratzen aktiboki laguntzeko egun edo jardunaldia da.




