Orientazio lasterketa edo Orienteering-a normalean eremu basotsu batean zehar ibilbide bat betetzean datza, mapa eta iparrorratz baten laguntzarekin. Proba horietarako mapa bereziki diseinatuta dago; bertan lurzoruaren xehetasun txikiak zehaztasun handiz irudikatzen dira. Igaro beharreko puntuak zirkuluen bidez adierazten dira. Puntu horietan, tokian bertan, hirukiko prisma antzera balizak izango ditugu, 30 cm-ko aldea dutenak eta laranja eta zuri kolorekoak. Balizaren ondoan estazio elektroniko bat egongo da kontrol bakoitzetik igarotzea ziurtatzeko, parte-hartzaile bakoitzak daraman «pintza elektronikoa» sartuta. Lasterkariak ibilbidea osatzeko biderik azkarrena erabakiko du. Denbora-faktorea sartzen denean, irteerak tartekatuta, kirol lehiakor bihurtzen dugu.
Orientazioa lehiaketa-kirola den arren, haren ezaugarrietako bat da proba berean nahasten duela ibilbidea ahalik eta azkarren egin nahi duen atleta, haren emaitza hobetu nahian, edo, besterik gabe, naturaz gozatuz lasaiago paseatu nahi duena. Kirol hau ludikoa denez, proba berean gurasoak, seme-alabak edo aitona-amonak elkar daitezke. Orientazioa gure aisialdia betetzen duen kirola izan daiteke, aldi berean leku eta egoera berriak ezagutzeko eta naturaz gozatzeko aukera emanez. Aisialdiaz, bakarrik, lagunekin edo familia osoarekin gozatzeko formula aproposa da. Orientazioa guztion eskura dagoen kirola da, eta ez du baliabide berezirik edo material garestirik behar. Orientazioan mapak ematen digun informazioa aztertu eta sintetizatzeko beharrezkoak diren gaitasun intelektual asko garatu eta arintzen dira. Logika, erabakiak hartzeko azkartasuna, kontzentratzeko gaitasuna eta norberarengan segurtasuna sustatzen ditu. Orientazioak gaur egun oso beharrezkoa den gimnasia mentala garatzen du.