Berdintasunaren Aldeko Gailurrak 4. Martxa

Euriak ez zuen eragotzi Berdintasunaren Aldeko Gailurrak IV.Martxaz gozatzea

Joan den martxoaren 2an Bizkaiko Mendi Federazioko Berdintasun Batzordeak eta Mungiako Tallu Kirol Klubak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin “Berdintasunaren Aldeko Gailurrak”  4. Martxa antolatu zuten.

Matxin plaza elkargunea izan zen, eta eguraldiaren iragarpena ona ez bazen ere, horrek ez zuen eragotzi goizeko lehen orduetatik 400 mendizale inguru Mungiara hurbiltzea berdintasuna aldarrikatzeko, “Mendietan guztiok gara berdinak”.

Txalaparta eta adarraren antzinako soinuarekin eta Tallu Kirol Klubeko presidentearen eta Mungiako alkate Alaitz Erkorekaren ongietorriarekin hasi zen jardunaldia.

9:00etan, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Departamentuko foru diputatuaren hitz batzuen ondoren eta Jone Larrinagak sortutako bertsoak entzun ondoren , Tallu kirol klibeko emakumeek !Cimas por la Igualdad” pankarta zeramatela abiatu zen martxa.

Lehen kilometroa Mungiako kaleetan zehar egin zen txistuaren eta danbolinaren soinuarekin; Bizkaiko 42 mendi klubetako mendizaleek 14 kilometroko ibilbidea egin zuten, Lauromendi mendian gailurra eginez. Tallu mendi klubeko emakume boluntarioen lana nabarmendu behar da. Emakume mendizaleak ikusarazteko asmoz, mendiko emakume erreferenteen aipamenak zituzten kartelak jarri zituzten ibilbidearen hainbat tokitan.

12:30ak aldera, euripean, lehenengo parte-hartzaileak iristen hasi ziren, eta, iritsi ahala, hamaiketako bikaina gozatu ahal izan zuten trikitixaren soinuarekin. Mungiako dantzari-talde batek agurra interpretatu zuen eta opariak eman zizkieten emakume zaharrenei eta gazteenei. Helburua gure aurretik izan diren eta nolabait gainerako emakumeentzat bidea ireki duten emakume horiei omenaldi txiki bat egitea zen.

Ondoren, Basauriko Alpino Baskoniako zuzendaritza taldeari eman zioten lekukoa. Izan ere, BMF-FVMrekin batera Berdintasunaren Aldeko Gailurrak V. Martxa antolatzeko ardura hartu zuten eta.

14:00ak aldera eman zitzaion amaiera mendiko jardunaldiari, mendizale guztien parte-hartzea eskertuz eta Basaurin egingo den hurrengo ediziora joateko deia eginez.

Martxaren argazkiak:

  1. argazki-albuma
  2. argazki albuma
  3. argazki-albuma
  4. Bideoa