BMF-ak PR-BI 70 Ermua-Mallabia bidezidorra birhomologatu du

Bizkaiko Mendi Federazioak Ermua-Mallabia PR-BI 70 bidezidorra eta PR-BI 70.1 saihesbidea birhomologatu ditu, Ermuko Udalak sustatuta. 6,3 kilometroko luzera eta 654 metroko desnibel metatua duen ibilbide zirkularra da. Mendez mende, Ermutik Markinarako irteera naturala izan zen. XVIII. mendetik aurrera Errege Bide bihurtu zen, gurdi eta karrozak igarotzea ahalbidetuz.

Familia osoarentzat egokia den bidezidorra da, eta Okin Zuri auzoko parkea du abiapuntu. Ibilbidean zehar, San Jurki, Mikel Deunaren eta Antonio Deunaren ermitak, XVIII. mendeko Urizar baserria eta Berano ibaiaren gainean zegoen antzinako harrizko zubi bat ikusi ahal izango ditugu. Ibilbidearen amaieran, Errekaldeko atsedenlekura iritsiko gara, Okineko errekaren ondoan. Bertan, igerileku libre bat dago, erreka horretako urarekin, eta bertan freskatu ahal izango dugu.

Ibiltzera animatzen zaituztegu.

Informazio gehiago hemen.