BMFk Armañongo Parke Naturaleko PR bideak birhomologatu ditu

Bizkaiko Mendi Federazioak Ibilbide Laburreko bi bidezidor birhomologatu ditu Armañongo Parke Naturalean, Bizkaiko Foru Aldundia izanik sustatzailea. Biak bidezidor zirkularrak dira eta guztira 26 km dituzte.

Los Jorrios ibilbidea PR-BI 120 mendiko bide zirkularra da. Turtziozeko erdigunetik abiatzen da eta Armañongo Parke Naturaleko gailur deigarrienetara heltzen da: los Jorrios eta Armañon. Txango honek dituen 13 km ingurutan zehar, besteak beste, antzinako artzain eta kontrabandisten bideetatik ibili, los Jorrioseko karst eta artadiak sortutako paisaia magikoa zeharkatu eta jauregiak, dorretxeak eta errota zaharrak ezagutzeko aukera izango dugu.

PR-BI 121 Sopeñako Artadia Ibilbidea, Karrantzako Araneko El Suceso herri-gunean hasi eta amaitzen da, bertan atsedenleku zabal bat dagoelarik. Txango honek dituen 13 km ingurutan zehar, Sopeñako Artadian, edertasun bereziko baso mediterraneoa, barneratzeko aukera izango dugu. Behin ibilbidea amaituta, Gertaera Oneko Andra Mariaren monumentua, eliza eta zezen-plaza bisitatu ahal izango ditugu.

Berauetan ibiltzera animatzen zaituztegu.

Informazio gehiago hemen.