Garazi Sampedro eta Ekaitz Lejarzegi Bizkaiko Mendi Lasteketen I. Ligako irabazleak

Abenduaren 1ean Etxebarri X-treme lasterketarekin Bizkaiko Mendi Lasterketen I. Ligari amaiera eman genion eta Garazi Sanpedro eta Ekaitz Lejarzegi izan ziren irabazleak. Durango Masters Kirol klubeko korrikalaria eta Arrolapekoa erregularrenak izan dira. Ligak 17 proba izan ditu eta urte osoan egin dira Bizkaiko hainbat herritan.

Garazi Sampedroren kasuan, emakumeen kategorian erakutsi duen nagusitasuna izugarria izan da.  Sailkapenerako 6 emaitzarik onenek puntuatzen zuten. Eta Garazik Gernika-Lumoko Mendi Jaia, Lezamako Mugetatik, Gautegiz-Arteagako Mendi Lasterketa eta Sorginen Lasterketa (Atxondo) irabazi zituen. Horrez gain, Ibarruriko Mendi Lasterketan eta Bilbao Mendi Trail lasterketan bigarren geratu zen. Garaipen hauek guztiek abantaila handia eman zioten Mireia Trigueros eta Monika Abad korrikalarien aurrean, hots, bigarrena eta hirugarrena sailkapen nagusian.

Ekaitz Lejarzegi korrikalaria, berriz, denboraldiaren bigarren erdian nagusitu zen eta ederto aritu zen. Ekaitzek Mendatako Mendi Maratoia irabazi zuen eta era berean ligaren azken hiru probak; Mello Saria (Muskiz), Lemoatx Trail eta Etxebarri X-Treme. Horrez gain, hirugarren geratu zen Gernika-Lumoko Mendi Jaia eta Gautegiz-Arteagako Mendi lasterketetan. Ekaitzekin batera, Aritz Martín eta Diego Pascual, bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren, egon ziren podiumean.

Guztira 7 korrikalari izan dira Bizkaiko Mendi Lasterketen I. Ligaren finalistak. Izan ere, beraiek egutegiko 17 lasterketetatik 8 burutu dute. Hauexek dira: Monika Sánchez, Eneritz Alkorta, Ekaitza Lejarzegi, Aritz Martín, Unai Intxaurraga, Ander Villanueva eta Sebastian Chassagne.

Eta Junior sailkapenean Ander Villanueva jaun eta jabe izan zen eta parte hartu zuen proba guztietan irabazlea izan zen.

Gizonezko sailkapen nagusia

Emakumezko sailkapen nagusia

Gizonezko junior sailkapen nagusia