Sonia Casas alpinistaren “Alpinismoa, emakumeen erara” ikus-entzunezko emanaldia

Bizkaiko Mendizale Federazioak Sonia Casas alpinistaren “Alpinismoa, emakumeen erara” ikus-entzunezko emanaldia antolatu du martxoaren 7an (osteguna) 19:30ean Asfedebiko areto nagusian (Martín Barua Picaza kalea 27 , Miribilla, Bilbo).

Sonia Casas bilbotarrak Espainia mailan Goi Mendiko Gida Profesionalaren titulua lortu zuen lehenengo emakumea izan zen. Hogei urte baino gehiago daramatza mendian gida lanak egiten, altueran segurtasun teknikak irakasten, eskaladan eta alpinismoan murgilduta.

Bilbon jaio zen baina Etxaurin (Nafarroa) bizi da, furgoneta eta soka artean. Betidanik kirolaria, unibertsitate garaian eskalatzaile gisara trebatu zen eta Turkia, Moroko, Patagonia, Nepal, Kazakhstan, Kirgizistan, Txina, Peru eta Alpeetan ibilia da besteak beste.

Sonia Casas alpinista aparta da; baikorra, indartsua eta ausarta, baina aldi berean hurbila. Eskalatzaile sutsua izanik, indar handiz bizi da. Berak dioen bezala: “Ezin izango dituzu jokatzeko kartak hautatu; bai, ordea, jokamoldea”.