Olalde Formazio Eskolako inaugurazioa

Bizkaiko Mendizale Federazioak azaroaren 17an Ubideko Olalde Formazio Eskola inauguratu zuen. Eskola honen helburua da Bizkaiko mendizaleen elkargunea eta prestakuntza-gunea ere izatea. Halaber, izan nahi du BMF-FVMk antolatzen dituen ikastaro eta prestakuntza jardueren egoitza ere bai.

Olalde Formazio Eskola ingurune natural apart batean dugu: Gorbeia eta Urkiola Natural Parkeen erdian, hain zuzen ere. Hori dela eta, esan dezakegu gure eskolak kokagune ezin hobea duela, BMF-FVMk antolatzen dituen mendi jardueren gaineko ikastaroak eta prestakuntza ekitaldiak burutzeko.

Formazio Eskolak sukaldea, jantokia, zortzi pertsonentzako logela bi, lau komun eta horren beste dutxa; guztira 120 metro karratu dituelarik. Inguruan berdegune zabala du; izan ere, 1.500 metro karratu baino handiagoa.

Guretzat oso egun ederra izan zen eta lagun askorekin egoteko aukera ezin hobea izan genuen. Besteak beste gurekin egon ziren; Euskara, Kultura eta Kiroletarako Foru Diputatua Lorea Bilbao, Joxan Pagola, Ubideko alkatea, Arabako eta Gipuzkoako Mendizale Federazioetako presidenteak, Bizkaiko Mendizale Federazioko presidente ohiak, Juanjo San Sebastián mendizale bikaina, aurtengo Tor Des Geants probaren irabaslea Silvia Trigueros,   Kepa Lizarraga medikua, eta egun hori gurekin konpartitu nahi izan zuten hainbat lagun hurbildu ziren. Era berean nabarmendu nahi dugu Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatearen laguntza, izan ere erreskate erakusketa bat eskaini ziguten. Guztioi bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu.

Inaugurazio eguneko argazkiak ikusi.