Omenaldia euskal mendizaletasunaren aitzindari bati

Ostiralean, “Juan Ramón González Sojo. Legado de un alpinista 1919-2001” dokumentala aurkeztuko da Lonbo aretoan.

Datorren ostiralean, maiatzaren 4an (20:00etan), “Juan Ramón González Sojo, Legado de un alpinista 1919-2001” dokumentala aurkeztuko da jendaurrean Lonbo aretoan. Ikus-entzunezko egitasmo honek bai Arrigorriagako mendizale hau, bai euskal mendizaletasunean aitzindari izandakoak omendu nahi ditu.

18 minutu irauten duen dokumental honen zuzendariak Ziortza San Pedro eta Zigor Egia dira; proiektuak Arrigorriagako Udalaren eta Padura mendi taldearen babesa izan du, eta gainera, honako hauek ere lagundu dute: Bilboko Euskal Museoa, Bizkaiko Mendi Federazioa, Alex Txikon eta Izas arropa-marka.

Senideen, Padura mendi taldeko buru eta bazkideen, Juanjo San Sebastián eta Alex Txikonen, Bizkaiko Mendi Federazioaren presidentearen, Víctor Vivarren eta Zigor Egiaren beraren testigantzen bidez, Juan Ramonen ibilbidea aletzen da. Dokumentalak irudiz islatzen ditu, halaber, zer-nolakoak ziren euskal mendizaletasunaren lehen urte horiek; gainera, irudi horietako batzuk argitaragabeak dira.