Proba ofizialetarakodeialdia – 2015. urtea

carreras2014. urte honetako EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean sartzen diren mendi-lasterketen denboraldia amaitu baino lehen, EMFren Mendi Lasterketen Batzordeko kideok Lineako Mendi Lasterketen, Mendi Lasterketa Bertikalen eta Ultra Trail Lasterketen Euskal Herriko Txapelketen eta Kopen hurrengo edizioa antolatzen hasi behar dugu, behar besteko denbora izan dezagun.

Horixe da, beraz, zuengana zuzentzeko arrazoia: egokia iruditzen bazaizue, aurkez ezazue 2015erako antolaketa-proposamena; horrela, EMFren Mendi Lasterketen Lehiaketa Ofizialen Egutegia prestatu ahal izango dugu.

EMF-RI ESKARIAK AURKEZTEKO EPEA 2014KO AZAROAREN 15EAN AMAITUKO DA

Mendi-lasterketak antolatzea kirolaren aldeko apustu segurua da, eztabaidaezina baita azken denboraldietan mendi-lasterketetan parte hartzen dutenen kopuruak urtetik urtera gora egin duela, bai eta Euskal Herrian urtean antolatzen diren lehiaketen kopuruak ere; horrek guztiak argi erakusten du kirol modalitate honek hartu duen indarra eta EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean parte hartzeak antolatzaileentzat duen gainbalioa.

Bestalde, mendi-lasterketen antolatzaileek horiek antolatzeko orduan erakutsi duten maila eta kalitate handia nabarmendu behar dira: emandako sarien balioa, korrikalariei eskaintzen zaizkien zerbitzu gehigarriak, lasterketak sustatzeko era, etab.

Korrikalariak gero eta zorrotzagoak dira, eta antolatzaileek horien beharrei erantzun behar diete. EMFk ere gero eta gehiago eskatzen die antolatzaileei, baina, aldi berean, hainbat zerbitzu, sustapen handiagoa eta beste hainbat gauza eskaintzen dizkie; eta horrek, besteak beste, parte-hartze handiagoa bermatzen du.

Horregatik guztiagatik, mendi-lasterketek gero eta indar handiagoa dute hedabideetan, espezializatutako komunikabideek korrikalarien bilakaeraren eta lehiaketen berri ematen dute, korrikalariei elkarrizketak egiten dizkiete, gai horri buruzko atalak dituzte, etab.

Zalantzarik gabe, EMFren Egutegi Ofizialean sartzen diren Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketa eta Kopa erreferenteak dira gaur egun kirolaren arloan.

EMF da bere lurraldean mendi-lasterketen esparruko lehiaketa mota hauetarako baimena eman dezakeen erakunde bakarra (EMFren Mendi Lasterketen Araudi Ofizialeko 2. artikulua):

  • Bakarkako Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopa.
  • Kluben arteko Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopa. · Bakarkako Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketa.
  • Kluben arteko Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketa.
  • Bakarkako Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Kopa.
  • Kluben arteko Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Kopa.
  • Bakarkako Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa.
  • Kluben arteko Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa.
  • Bakarkako Ultra Trail Lasterketen Euskal Herriko Txapelketa.
  • Beste edozein lehiaketa, EMFk onartutakoa.

Proba bat EMFk onartua izateko edo kontrolerako oinarri gisa EMFren Mendi Lasterketen Araudi Ofiziala erabili ahal izateko, dagokion baimena eskatu beharko da idatziz, eta onarpena iritsi arte zain egon beharko da; nahi izanez gero, epaile ofizialen zerbitzuak kontratatu ahal izango dituzte, eta berorien zerbitzu eta egunsariak ordaindu beharko dituzte.

OHAR GARRANTZITSUAK

  1. Euskal Herriko lurralde guztietan eta bakoitzean mendi-lasterketak izatea da helburu nagusietako bat, eta, horregatik, jasotzen diren proposamen guztietatik, EMFren Mendi Lasterketen Batzordeak gehienez sei lasterketa aukeratuko ditu Bakarkako Lineako Mendi Lasterketen Euskal Herriko Koparako; lasterketa bat, Lineako Mendi Lasterketen Euskal Herriko Bakarkako Txapelketarako; eta lasterketa bat Lineako Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketarako; gehienez ere sei lasterketa, Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Bakarkako Koparako; lasterketa bat, Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Bakarkako eta Kluben arteko Txapelketarako; eta lasterketa bat Ultra Trail Lasterketen Euskal Herriko Bakarkako Txapelketarako. Otsailetatik urrira bitartean egingo dira lasterketa horiek guztiak.
  2. Proposamenak bidaltzen dituzten antolatzaileek EMFren Mendi Lasterketen Araudi Ofiziala bere osotasunean ezagutu eta onartu behar dute, eta araudi hori nagusituko zaie beste guztiei, lehiaketa hori beste zirkuituetarako puntuagarria izanez gero.
  3. Antolatzaileek EMFren babesle ofizialak izango direla jakingo eta onartuko dute; baina horrek EZ du inolaz ere eragotziko antolatzaileek beren proban beste babesle batzuk izateko aukera. Deialdi hau idazterakoan, TERNUA – HELVETIA dira babesle ofizialak. Aurrera begira babesle modura beste marka batzuk ere izan daitezke, eta horien berri izango dute, dagokion unean, aukeratutako antolatzaileek. Antolatzaileek irteeran, helmugan eta podiumean leku bat utziko diote EMFri, babeslearentzat eta EMFren logoak jarri ahal izateko.
  4. EMFk lehentasuna emango die federatutako kirolariek soilik parte hartzen duten lasterketei; federatu gabeko lasterkariek parte hartu ahal izango dute, eta horiei, nahitaez, istripu-asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua egin beharko dizkie antolakuntzak; horrez gain, federatu gabeko lasterkari horiek lasterketaren sailkapen orokorrean ager daitezke, baina ez dira sailkapen ofizialetan kontuan hartuko, eta ezin izango dute EMFk emandako saririk edo garaikurrik jaso.
  5. EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean sartu nahi diren probak mendi-federazio bateko kide diren klubek edo erakundeek antolatu behar dituzte, edota gutxienez proba egingo den lurraldeko Lurralde Federazioaren edo bertako klub baten laguntza edo babesa izan behar dute.
  6. Parte-hartzaileen gehieneko kopurua zehaztuta duten lasterketen antolatzaileek izena emateko epea errespetatu egin behar dute, eta, epe horretan, lehentasun osoa izango dute federatuek. Aurreko urteko Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopako eta Txapelketako irabazleek ere parte hartzeko aukera bermatuta izango dute azken unera arte; era berean, aurreko urtean kategoria guztietan irabazle izan zirenei (ez podiumean izan ziren guztiei) antolatzaileen kontura egutegi ofizialeko proba guztietan izena doan emateko aukera eskaintzea ere aintzat hartuko da, kirolariak irabazteko lehiatzera motibatuko lituzkeela horrek uste baita.
  7. EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean txertatuko diren probei buruzko informazioa diseinatzeko helburua hartuta, antolatzaileek probetako ibilbideen GPSko Pista emango diote EMFri.
  8. EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofiziala osatzeko aukeratutako proben antolatzaileak behartuta daude EMFk deituko duen antolatzaileen bileran parte hartzera; bilera horretan, lehiaketako gai espezifiko guztiak, araudia, jarduketa-protokoloak, zalantzak, eta abar aztertuko dira.
  9. Antolatzaileek EMFren protokolo ofiziala errespetatuko dute une oro (aurkezpen-ekitaldia, sari-banaketa, etab.), eta EMFren logotipo ofiziala modu egokian erakutsi behar dute iragarkietan eta probaren web orrian.
  10. Antolatzaileek legezko kontratu bat sinatuko dute EMFrekin; legezko kontratu horretan, honako alderdi hauek jasoko dira: eskubideak eta betebeharrak, publizitatearekin lotutako alderdiak, protokoloari dagozkionak, araudiarekin lotutakoak, eta abar, eta baita Mendi Lasterketen Araudi Ofizialean islatzen ez diren baina zuzenean gai horrekin lotuta dauden beste alderdi batzuk ere.

ANTOLAKETA ETA SUSTAPENA

EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofiziala osatzen duten proben antolamenduaren logistikari dagokionez, esan beharra dago EMFk antolatzaileen esku jartzen dituela, bere teknikarien taldearen bidez, egutegian txertatutako proba ofizial guztietan izena emateko, kronometratzeko eta sailkapena egiteko zerbitzuak. Hori ez da eragozpen izango proba ofizialtzat hartzeko eta EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean sartzeko.

Antolatzaileren batek zerbitzu horiek beste hornitzaile bati edo enpresa pribatu bati ematea erabakitzen badu, EMFk adierazitakora egokitu behar du une oro antolaketak, lasterketa ofizialetako parte-hartzaileen sailkapenari eta datuak emateari dagokienez.

IRUDI UNIFORMEA LEHIAKETETAN

EMF arduratuko da egutegi ofizialean sartzen diren proba guztien publizitateaz, eta sare sozialak erabiliko ditu horretarako; web orriak erabiliko ditu, eta Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialeko probetan parte hartzen duten guztiei mezua bidaliko die.

EMF arduratuko da irteeraguneetako kontrol-taldeaz eta sailkapenaz, muntaiarako eta antolaketarako bere materialak erabiliz, eta dagozkion pankartak eta banderak jartzeaz eta kentzeaz, edota irabazlearen bularrekoa edo petoa egiteaz eta emateaz.

Talde antolatzailea arduratuko da irteerako eta helmugako lerroak prestatzeaz: irteerako eta helmugako arkuak, iragarki-panelak, karpak, ekitaldietarako eta sariak banatzeko podiumak, irteerako kontrola eta megafonia.

Oharra: erakundeak jarriko du esataria, eta proba, proba garatuko den ingurua eta bertan izango diren pertsona ospetsuak ezagutu beharko ditu honek. EMFk zirkuituari buruzko datu teknikoak, parte-hartzaileen kirol-curriculumak eta abar jakinaraziko dizkio esatariari, berorri lana errazteko.

AHALIK ETA PUBLIZITATE ETA HEDAPEN HANDIENA

Hedabideetan EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialaren nahiz proba bakoitzaren berri ahalik eta modu zabalenean emateko, EMFk iragarkiak eta prentsa-oharrak argitaratuko ditu hedabide espezializatuetan eta horiekin lotutako web orrietan, EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialari buruzko informazioa emanez.

Horrez gain, EMF arduratuko da prentsaren aurrean egin beharreko aurkezpen ofiziala antolatzeaz, EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialeko proben web orri espezifikoetan ageri den informazioa etengabe gaurkotuta izateaz, denboraldiko proba bakoitzari eta ekitaldi garrantzitsuenei buruzko prentsa-oharrak bidaltzeaz eta beste publizitate-ekintza batzuez.

BALDINTZA EKONOMIKOAK

  1. EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean sartutako proba izateagatik, 1.100,00 €-ko kuota ordainduko dute antolatzaileek proba bakoitzeko. Kuota horren barnean sartzen dira kontrola eta Sportident sistemaren bidez sailkapena egitea; eta kuota horren zenbatekoaren zati bat teknikari eta epaileen ordainsari eta lekualdaketak ordaintzera zuzenduko da.
    Kuota horren barnean sartzen da, kontrolaz eta sailkapena egitez nahiz teknikari eta epaileen ordainsari eta lekualdaketez gain, EMFren proba ofiziala izateagatik beharrezkoa den erantzukizun zibileko asegurua.
    Izena emateko zerbitzuari, dortsalak egiteari eta federatu gabeko parte-hartzaileek nahitaez izan behar duten istripu-aseguruari eta erantzukizun zibilari dagokien zenbatekoa antolatzaileek ordainduko dute.
    Antolatzaileek lasterketaren kontrola eta sailkapena egiteko zerbitzuak beste hornitzaile baten esku uzten badituzte edo enpresa pribatu bati esleitzen badizkiote zeregin horiek, 1.000,00,-€ ordaindu beharko ditu, proba ofiziala delako eta epaile ofizialek emandako zerbitzuen truke.
  2. Egin beharreko distantzia kontuan hartuta beharrezkoa izanez gero, antolatzaileek beren gain hartuko dituzte EMFk izendatutako epaile ofizialeei ostatu emateak eta mantenuak (gau bat, bi bazkari eta afari bat) sortutako gastuak. (Baina ez dituzte horien ordainsaria eta lekualdatzeak ordainduko, EMF arduratuko baita beroriez).
  3. FEDERATU GABEKO lasterkariak onartzen diren lasterketetan, FEDERATUTA DAUDENEK prezio berezia izango dute izena ematerakoan; FEDERATU GABEKO lasterkariek ordaindu beharrekoa baino % 20 gutxiago ordainduko dute, gutxienez.
  4. EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofiziala (Kopak edo Txapelketak) osatuko duten lasterketak aukeratzerakoan, aurkeztutako kirol-proiektuaz gain, EMFk positiboki balioetsiko ditu diru-sari handienak ematen dituzten eta lasterkariei aparteko zerbitzu gehien eskaintzen dizkieten lehiaketa-proposamenak. Alderdi horiek argi eta garbi azalduko dira bidaliko den txostenean.

AUKERAKETARAKO IRIZPIDEAK

Ahal den neurrian, EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofiziala osatuko duten probak aukeratzeko, EMFk 2014. urtean izan zituen irizpide berak, bereziki kirolariei kalterik ez egitera zuzenduta daudenak, hartuko ditu kontuan:

  • Proba batetik bestera 15 bat eguneko epea utziko da, gutxi gorabehera.
  • Antolatzaileek proben antolamenduan duten eskarmentua kontuan hartuko da.
  • Egutegiko probak txandakatu egingo dira, lehiaketa berriei aukera emateko.
  • Kontuan hartuko da banaketa geografikoa ere.

AMAIERA

Larunbat goizean edo arratsaldean lasterketa egiteak ez du eragotziko egun horretan probei balio erantsia ekar diezaieketen beste ekitaldi batzuk ospatzea (materialaren azoka, lehiaketa ondorengo afaria eta festa, ikus-entzunezko proiekzioak, hitzaldi teknikoak, etab.).

EMFk antolatzaileen esku jarriko ditu epaile taldea eta probak ongi garatzeko beharrezkoa den aholkularitza teknikoa.

Bestalde, EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofiziala osatzen duten probak antolatzerakoan, bi alderdiek adostutako arau eta hitzarmenak errespetatuko dira:

OSO GARRANTZITSUA DA 2015. urteko EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofiziala osatu nahi duten lasterketen antolatzaileek EMFren Mendi Lasterketen Araudi Ofiziala ongi ezagutzea. Ondoren sor daitezkeen arazoak saihesteko, proba ofizialerako eskaera bat egin aurretik, araudia astiro irakurtzea gomendatzen dugu, antolatzaileek nahitaez bete beharreko baldintza batzuk baitaude, eta ezinbestekoa baita aurrez jakitea antolatzaileek horiek bete ahal izango dituzten.

Araudia www.emf-fvm.com webgunean duzue eskuragarri eta, hala nahi izanez gero, posta elektroniko bidez edo posta arruntez ere bidal diezazuekegu.

OSO GARRANTZITSUA DA, BAITA ERE, 2015. urteko EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean sartu nahi diren lasterketen antolatzaileek jakitea EMFk hitzarmenak dituela merkataritza etxe batekin, Euskal Herriko Txapelketa eta Kopetako lasterketak babesteko; aurrez eman zaizue horren berri, eta kirol hau sustatzen laguntzen duten hitzarmenak direla azpimarratu behar da.

Une oro, beren esanetara gauzkate beren proba EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean sartzea eskatu nahi diguten antolatzaileek, EMFren Mendi Lasterketen Araudi Ofizialari buruzko nahiz antolaketarekin lotutako beste edozein alderdiri buruzko edozein zalantza argitzeko.

Deialdi honekin batera, hemen doakizue 2015. urteko EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean proba bat txertatzeko eskabide-orria. Orri hau probari buruzko txostenarekin batera bidali behar diguzue. Ezinbestekoa izango da lasterketa nola garatuko den azaltzen duen txosten teknikoa jasotzea; aurreko urteetan EMFren Mendi Lasterketen Egutegi Ofizialean txeratu diren proben kasuan, ez daukate txosten hori igorri beharrik, lehen eskaria egin zutenean jada bidali baitzuten.

EMF-RI ESKARIAK AURKEZTEKO EPEA 2014KO AZAROAREN 15EAN AMAITUKO DA