“ITXINATIK HARRIZ HARRI” Sentsibilizazio Kanpaina

itxina1

Aintzina-antzinatik, Itxinako bide bazterretan kokaturiko harri-multzo txikiek edo cairn-ek zuzeneko bidearen norabidea adierazi dute. XX.mendearen azkenengo hamarkadetan, ordea, mendizale eta txangozale batzuk, eskuan brotxa harturik, ingurune naturalak kolore askotako markekin “apaindu” dute, hauen xarma erabat zapuztuz. Gorbeiako Parke Naturalean dagoen Itxinako Biotopo Babestua da ingurune hauetariko bat.
itxina3
Itxinako paisaian gehiegizko margoaren erabilpenak eragiten duen kalteaz ohartuta Bizkaiko Mendi Federazioak orientazio sistema bezala aintzinako cairn-ak berreskuratzea helburu duen kanpaina hasi berri du, aldi berean pixkanaka margo-markak harrietatik ezabatuz.

Mendi taldeetako laguntzarekin Itxinako marka guztiak garbitzeko eta cairn berriak sortzeko asmoz irteerak antolatuko ditugu.
Lehenengo esperientzian, eskuilak eskuetan harturik boluntario batzuek Atxulotik Supelegor eta Lexardiraino doan zidorraren tartea garbitu zuten ilusio handiz.

[Kanpaina hau Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren laguntzaz egiten ari da]